BANANTZEA, DIBORTZIOA ETA HITZARMEN ARAUEMAILEAREN EZ BETETZEA



Ezkontzak ez du beti betiko irauten. Baina, zertan bereizten dira banantzea eta dibortzioa? Zer gertatzen da hitzarmen arauemailearen ez betetzearekin?

 

Ezkontzak ez du beti betiko irauten; horregatik, gure egunerokoan, dibortzioa edo banantzea bezalako termino juridikoak ezagunak zaizkigu. Zertan bereizten dira, ordea? Ukaezina da biek ondorio pertsonalak eta ondarezkoak sortzen dituztela, eta ondorio horiek arintzeko, hitzarmen arauemaileak ezkontide ohien eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu. Baina, zer gertatzen da hitzarmenaren ez betetzearekin?

 

Ezkontza aldebiko egintza juridiko gisa ulertzen da, ezkontza-eraentza bat edo ezkontza-sozietatea eratzeko burutzen dena. Ezkongaien borondatez eratzen da. Hala ere, ezkontzak etena edo amaiera ere izan dezake, ez baitu etenik gabeko edo amaierarik gabeko izaerarik.

 

Ezkontza hainbat arrazoirengatik amai daiteke. Horietako bat, ezkongaietako baten heriotza izan daiteke. Amaitzeko modu hori argia eta agerikoa da, heriotzarekin berarekin nortasun juridikoa iraungitzen baita.

 

Hala ere, ezkontza ezkongaien borondatean oinarritutako egintza denez, horien borondatearen bidez ere amai daiteke; bien edo bietako baten borondatearen bidez. Kasu hauetan, dibortzioaz ari gara. Beraz, gauza bera al dira dibortzioa eta banantzea? Ez.

 

Dibortzioak amaiera ematen dio ezkontza-elkartzeari, eta, aldi berean, edozein ezkontza baliodun eta eraginkorren ondoreak erabat iraungitzen ditu. Espainian, 1932ko martxoaren 2ko dibortzioari buruzko Legean arautu zen lehen aldiz; lege hori Bigarren Errepublikan bakarrik egon zen indarrean. Berriro ere, dibortzioa 1981. urtean arautu zen, 1981eko uztailaren 7ko Legearen bidez Kode Zibila eraldatuz.

Gaur egun, dibortzioa Kode Zibilean eta Prozedura Zibilaren Legean arautzen da. Hiru eratara izapidetu daiteke: ezkontideen adostasunez, ezkontide batek bestearen adostasunarekin edo, adostasunik ez dagoenean, auzitan. Dibortziatzeko modua edozein dela ere, ezkontza desegin egingo da eta sortutako ezkontza ondore guztiak bertan behera geratuko dira.

 

Orduan, zer da banantzea? Banantzea, dibortzioa ez bezala, ez da ezkontza desegitea. Dibortzioaren kasuan bezala, banantzea bi ezkontideen adostasunez edo ezkontide batek hala eskatuta izapidetu daiteke: banantzea adostasunez edo adostasunik gabe. Banantzeak, ordea, bizikidetza uztean edo, hala denean, ondasunen banantzean, eragina izan badezake ere,  banantzea ez da ezkontza-eraentzaren amaiera. Dibortzioaren kasuan ezkontza amaitu eta,  ezkontza desegiten den bitartean, banantzearen kasuan ez da horrela gertatzen.

 

Argi dago dibortzioak eta banantzeak ondorioak eragiten dituztela bai eremu pertsonalean baita ondarean ere. Ondorio horiek arautzeko, hitzarmen arauemailea dago. Hitzarmen arauemailearen helburua ezkontideek banantze edo dibortzio kasuetan bete behar dituzten eskubideak eta betebeharrak zehaztean datza. Nahitaezko izaera du eta horregatik suertatzen da hain garrantzizkoa. Banantze edo dibortzio kasuetan, elkarren arteko adostasunez, ezkontideek etorkizuneko alderdi pertsonalak eta ondarezkoak adostu behar dituzte. Aldiz, horiek akordiorik lortzen ez dutenean eta adostasunik gabeko banantzeaz edo adostasunik gabeko dibortzioaz ari garenean, epailea arduratuko da bi ezkontide ohiek etorkizunean jarraitu beharreko neurriak ezartzeaz.

 

Hitzarmen arauemaileak seme-alabei, ondareari edo ekonomia-eremuari buruzko neurriak jasotzen ditu. Guraso-ahala, hau da, gurasoek seme-alabekiko dituzten eskubide eta betebeharrak, horren egikaritza eta, hala badagokio, komunikazio-araubidea arautu behar ditu, bai eta bisita-araubidea eta bilobek aitona-amonekin izan dezaketen komunikazioa ere. Era berean, etxebizitzaren eta familiako ostilamenduaren erabilera arautuko da, bai eta ezkontzaren eta mantenu-pentsioen zamei egindako ekarpena ere. Hala dagokionean, ezkontzaren araubide ekonomikoaren likidazioa edo konpentsazio-pentsioa ere arautu beharko du bananketak edo dibortzioak desoreka ekonomikoa sortuko balu. Hitzarmen arauemailea auzitegian aurkeztuko da banantze- edo dibortzio-demandarekin batera, eta organo judizialak onetsi beharko du.

 

Zer gertatzen da hitzarmen arauemailea betetzen ez bada?

 

Hitzarmen arauemailearen ez-betetze hori diruzko betebeharrei buruzkoa denean, hau da, ezkontide ohietako batek bere betebeharren ordainketa betetzen ez duenean, ukitutako ezkontide ohiak betearazpen-demanda jarri beharko du dibortzioa edo banantzea eman zuen epaitegian. Demanda hori abokatuaren eta prokuradorearen sinadurarekin aurkeztu beharko da.

 

Bisitak ez betetzea, bestalde, hitzarmen arauemailearekin lotutako ez-betetze ohikoenetako bat da. 2015eko Zigor Kodearen erreformaren ondoren, bisita-erregimenaren ez-betetzea despenalizatu egin da, eta, beraz, gaur egun, ezin izango da auzi horrengatik salaketarik jarri polizia-agintarien aurrean. Bisitak ez betetzea gertaera jarraitua bada eta gurasoen artean neurriak moldatzeko akordiorik ez badago, lehenik eta behin, betetzen ez duen gurasoari errekerimendua egin beharko zaio, hau da, errekerimendu fede-emaile bidez. Bisita-erregimena ez betetzen jarraituko balu, komeni da ez-betetzearen frogak  eta lekukoak bildu eta bide judizialera jotzea. Hau da, abokatuaren bidez hitzarmen arauemailea betearazteko demanda jartzea.

 

Familia-gatazkak gai pertsonalak eta samingarriak dira; beraz, beti komeni da konfiantzazko profesional bat alboan izatea.